XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mundu hontan... Egun seinalatua zen hura. Joan den igandea bezalakoa, baina orain dela bospasei urte.

Anoeta pilotalekua jendez gainezka zegoen txapela burura zeinek eramango jakin zai.

Hara joateko aukera, ordea, gutxi batzuk izaten dute; besteok etxean ikusi behar.

Gure osaba Pedro zena pilotazale amorratua genuen eta ez zuen ezergatik partidu hau galtzen, baina meza nagusira ere huts egin nahi ez.

Normalean ordu erdia baino askoz gehiago irauten ez zuen hamaiketako meza luzatzen ari zen egun hartan.

Apaiza sermoian ari zen artean, eta goiko erlojuan hamaikak eta hogeitabost.

Gure osabaren urduritasuna eta egonezina!.

Honezkero hasi dittuk eskuak berotzen bota zuen hasieran elizaren atze atzeko eserlekutik ingurukoak entzuteko moduan.

Sermoia bukatu baino pixka bat lehentxeago apaizak esaldi bat hasterakoan mundu hontan esan zuenean bazegok nahiko lan gaineratu zion bizkor asko gure osabak bere bertsolari etorria erabiliz.

Batak partidua ikusi nahi; sermoia egin behar besteak. Konponezina seguru!.

Auzokoari kalterik egin gabe, nor berak nahi duena egitea litzateke gauzarik zoragarriena, baina hori ia ia ezinezkoa dela begibistakoa da.

Bizitzaren alor guztietan badago nahiko lan jendeak elkar uler dezan.

Dena dela, bada aldea konponezin batzuetatik besteetara.

Eguneroko konponezin txiki horiek, garrantzizkoak izan arren, azkenean, denboraren poderioz, izaten dute irtenbidea.

Seme-alabek gurasoekin, senarrak emaztearekin, anai-arrebek beren artean, ikasleek maisuekin, langileek nagusiekin, izaten dituzte gorabeherak, liskarrak.

Ohitu ere egin gara horrelakoak ikustera, bizitzera.

Ez baleude askoz hobe, baina hemen daudenez zer egingo diegu bada!.

Beste konponezin horiek, haundi horiek ematen didate neri beldurra.

Denborak ixten ez dituen zauriak edo, zauri horiek ahazten ez dakitenak dira mundu honen gaitza.

Eta zerbait aipatzekotan, pertsonaren kontra egindakoak aipatuko nituzke.

Torturak, bahiketak, hilketak eguneroko konponezin txiki horietatik asko urruntzen dira eta horrekin zerbait konponduko bagenu sikira, gaitzerdi!.

Esan dudan honen lekuko dira orain dela egun gutxi entzun nituen berri hauek.

Lehenengoan, bahiketa batean bitartekari lanetan ibilitakoak auzitara eraman zituztela agertzen zen.

Askatasun eza duen pertsona hori lehen bait lehen etxera itzultzearren lan egin duenak merezi ote du horrelako traturik?.

Kartzela ere ikusi omen du horietakoren batek; bitartean, kalean ederki dabiltza entxufeak aprobetxatuz nahi dutena egin dutenak.

Bigarren albistea urrutiagotik zetorren, hemen ere horrelakoak entzuten ohituta egon arren.

Colombian, Jaramillo abizeneko gizona hil omen zuten hauteskundeetara bere burua aurkezteagatik eta Alemaniako Oscar Lafontaine ere larri ibili zen, honena ero baten lana izan bazen ere.

Aidanez, leku askotan bizitzak ez du asko balio.

Gure osaba Pedro zenak ez zuen egia txikia bota, ez horixe! Mundu honetan, bazegok, bazegon, nahiko lan!.